GIZLAN Sarea, Urola Garaia Gizarteratzea eta Laneratzea mahaiaren ekimenez, eskualdea osatzen duten Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako herritaren gizarteratzea eta laneratzea erraztea xede dituen tresna digitala da. Herritar, enpresa eta erakunde publiko eta pribatuen arteko topagunea eta lankidetza sarea izateko sortu da eta lana bilatzen ari denari edo lana hobetu nahi duenari etengabeko arreta eta laguntza integrala eskaintzea du ardatz.

Misioa

GIZLAN Sarearen helburu nagusia gizarteratze eta laneratze esparruetan Urola Garaiko eskaintza eta baliabide guztiak jasotzea eta bateratzea izango da eta horrela lana bilatzen ari denarentzat ez ezik, eskualdeko gizarte laguntzaile eta orientatzaileentzat ere tresna baliagarria izango da.

Izan ere, xedea izango da:

  • Esperientziak, tresnak eta praktika onak bateratzeko eta trukatzeko erraztasunak ematea.
  • Proiektu-sare aktibo bat eratzen laguntzea.
  • Etorkizuneko lan- eta prestakuntza-proiektuen diseinua eta ezarpena erraztea.
Bisioa

Urola Garaian gizarteratzeko eta laneratzeko esparruan lan egiten duten erakundeen eta eragileen arteko sinergiek eta jarduera eta erantzun koordinatuek eskualdeko ongizatea eta lehiakortasuna bermatzen dute. GIZLAN Sarea baliabide erreferente bihurtuz, gizarteratze eta laneratze ibilbide pertsonalizatuak garatu ahal izango dira eta formakuntzak eta prestakuntza-praktikak sustatuz, urtero herritar gehiago txertatuko dira lan merkatuan.

Nori laguntzen dio?

Lan bila edo lana hobetzeko bidean dauden Urola Garaiko biztanleei zuzenduta dago plataforma (Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako biztanleei). Erabiltzaileek orientazio programak, gaitasun pertsonala landuko dituzten formakuntzak, lanerako prestakuntza, baliabideak, enpresetako prestakuntza praktikak nahiz lan eskaintzak aurkituko dituzte bertan.

Gizarteratzeko baliabideak

Formakuntza bat egiteko edo lanpostu bat erdiesteko aukera ematen duten baliabide eta laguntzen eskaintza osoa bateratzeaz gain, pertsonaren ehun soziala bermatuko duten programen eta zerbitzuen togagune da GIZLAN Sarea tresna digitala.
Enplegua eta orientazioa

Bizitza-proiektu autonomo bat garatzeko bide nagusietako bat da ENPLEGUA.

Lanak garrantzia du gizakiaren garapenean. Izan ere, bere doitze-arloetako bat da, eta osasun fisikoan, emozionalean eta mentalean eragiten du, baita garapen sozialean ere.

Laneratze bidean laguntzeko eta gizarteratzeko prozesuan esku hartzeko, Urola Garaia Gizarteratzea eta Laneratzea Sareak, eta ondorioz bere plataforma digitalak, orientazioa, akonpainamendua eta aholkularitza eskaintzen ditu, ibilbide pertsonalizatuak eta kapazitazio pertsonaleko programak eginez.
Formakuntza eta enplegagarritasuna

Oinarrizko prestakuntza, formakuntza profesionala edo formakuntza espezializatua enplegagarritasuna hobetzeko giltzak dira.

Lan-inguruneak gero eta dinamikoagoak, lehiakorragoak eta ebolutiboagoak dira eta langabezian dauden nahiz jardunean dauden profesionalentzat etengabeko prestakuntza gizabanakoaren aliaturik onena da, eta horregatik, prestakuntza-ikastaroek, moduluek edo zikloek lana aurkitzeko, lanari eusteko nahiz erakundeari balio jarraitua emateko balioko dute.

Urola Garaia Gizarteratzea eta Laneratzea, gizarteratzeko eta laneratzeko eskualdeko mahaia da. Lankidetza sarea abian jartzeko ideia eremu horretan lan egiten duten erakundeen eta eragileen arteko sinergiak indartzeko beharretik sortu zen, Urola Garaian jarduera eta erantzun bateratua eta koordinatua eskaini ahal izateko, eraginkortasuna handitzeko eta erabiltzaileentzat emaitza hobeak lortzeko.

Eskualde mailan esku-hartzeak gainera, ikuspegi komunitarioagoa eskaintzeko eta ezaugarri propioak dituen errealitate bati hobeto egokitzeko aukera ematen du.

Urola Garaia Gizarteratzea eta Laneratzea mahaiak, bizitza-proiektu autonomo bat garatzeko bide nagusietako bat dela iritzita, enpleguan oinarrituko du GIZLAN Sarea tresna digitala. Hala ere, garrantzia eman nahi die berau lortzeko beharrezkoak diren formakuntza zehatzei nahiz konpetentzia transbertsalak eskuratzeko baliabideei.

Urola Garaia Gizarteratzea eta Laneratzea mahaiaren estrategia bat dator ingurune hurbileneko arlo horretako plangintza-tresna nagusiekin, hala nola; 2017-2021 Gizarteratze Aktiborako IV. Euskal Planarekin eta 2016/2020 Gizarteratze Planarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin LANEAN Enplegagarritasunerako eta aktibazio inklusiborako Estrategiarekin.

Ikusi kide eragileak